Bilboko erraldoiei buruzko lehen erreferentziak Santísimo Sacramento de Santiago Kofradiako kontu liburu batean agertzen dira, 1654an.
Erraldoiak lau ziren, eta liburuan agertzen diren datuekin, zaila da ziur esatea zein motatako pertsonaiak ziren. Hala ere, badakigu erraldoiek zurezko armazoia zutela eta hauek, arku, tatxet, burdin hari, bala hari eta uhalen bidez eusten zirela. Euskarri hauen gainean janzkiak jartzen ziren, eta lastoz edo foz betetzen zituzten.
Bi bidaiari atzerritarri esker, Christian August Fischer eta Von Jarigues, dauzkagu lau pertsonaien lehen deskribapenak XVIII. mendearen amaiera eta XIX. mendearen hasiera aldera.
Lehenengoaren arabera, 1797an erraldoiak bi gizon eta bi emakume ziren, aurpegiera bitxikoak. Argizarizko ileorde luzeak zeuzkaten eta kolorezko argizari-paperez egindako orrazkerak. Jantzi patriarkalak zeramatzaten soinean, kasula-mantal eta bizkarrekoek estaltzen zien gorputza eta tabako-hautsarentzako ontziak eta abaniko luzeak zeuzkaten. Izkina bakoitzean fandango alai bat dantzatzen zuten eta balkoietan zegoen jendeari muxu ematen saiatzen ziren. Von Jarigues-en deskribapenak zur eta lur uzten gaitu sei erraldoi zeudela esaten duenean, oraindik itxura harrigarri eta bitxiagoekin.
1852an, Teófilo Guiard-ek datu gehiago eman zizkigun. Honen esanetan: “Lau erraldoi berriak zaharren modu berean jantzi zituzten, eta bi irudi berri erantsi zitzaizkien. Beraz, oraingo sei berriak Europa, Asia eta Afrikako ordezkari izatea nahi izan zen. Garaiko gaztetxoek horrelaxe izendatu zituzten: “don Terencio” eta “doña Tomasa”, “el moro” eta “la mora”, “el turco” eta “la turca”; azken lauetan ongi egiten da izenaren erreferentzia eta lehen bietan izendapen tradizionala kontserbatzen da”.
1854an, Bilboko gazte talde bat arduratu zen abuztuko festak antolatzeaz, eta pertsonaia berri eta “bitxi” bat sartu zuten, erabat bilbotarra den pertsonaia: Gargantua. Honek, gaur egunera arte iraun du.
Garaiko programetako erreferentzien arabera, erraldoi hauek eta berriago batzuk gutxienez 1876 eta 1885 artean mantendu ziren. 1886an hiriko kaleak alaitzeari utzi zioten, Gernikan erre baitziren. Halaxe gogoratzen du Miguel de Unamunok bere testuetako batean.
1896tik aurrera, belaunaldi desberdinen konstantzia daukagu, bai idatzizko dokumentuen bitartez eta baita argazki bidez ere. 1896an osatutako belaunaldian ikusten diren erraldoiak ondokoak dira: don Terencio eta doña Tomasa, el Aldeano eta la Aldeana, el Turco eta la Mora eta beltz amerikarrak. 1934an, Radio Emisora Bilbaina-ren ekimenez, hurrengo konpartsa egin zen, ondokoek osatua:
don Terencio eta doña Tomasa, el Aldeano eta la Aldeana, El Turco eta La Mora eta txinatar bikote bat.