Aurkezpena
Pertsonaia erraldoiak beti izan dira erakargarriak jendearentzet. Baita txikienak edo nanoak be. Indarra dala edo trebetasuna dala, gizaki normalek egin ezin dituen gauzak egin leikiez.
Erraldoiakaz batera beste pertsonaia batzuk be agertzen dira, nanoak edo buruhaundiak, euren eskuetan puxikak dituela edozein joteko prest. Bai batzuek bai besteek itzelezko mozorroak daroez, baina buruhaundiek, horrezaz ganera, joteko erabilten dituen armak be daroez, jendearen artetik bidea zabaltzeko.
XVI. mendean, Bilboko urteroko jaietan baegoan Gorpuztiko prozesioa (1509ko agirietan agertzen danez, egun horretan debekatuta egoan amatutako animaliakaz urian sartu edo urtetea). Jai horregaz batera erraldoiak agertzen jakuz, bai eta geroago buruhaundi deituko ziran "rabies" edo nanoak be.
Bilbon, urteek aurrera egin ahala, erraldoi eta buruhaundien hainbat belaunaldi ezagutu ditugu. 1930-40 urteetan, erraldoizaletasunaren hedapen garaian, Bizkaiko heri garrantzitsu guztietaraino heldu ziran. Bilboko erraldoien artean don Terencio et doña Tomasa nabarmendu behar ditugu, urte luzez iraun daben bakarrak dira eta. Bizkaiko herri askotan izen horrek jartzen deutsiez euren erraldoi bikoteari.
Gargantua be aitatu behar dogu, bilbotar-bilbotarra berau eta ospakizun herrikoi profanoetan urteko sortua. Gargantuaren urteerak, edo otorduak hobeto esanda, 1854ko abuztuko jai handietan hasi ziran. Jantzietan hainbat aldaketa izan ditu, hasieran jantzi frantsesa eroan,gero euskal tertzioetako boluntarioarena, gero modaren eraginez, sukaldari arropa ipini behar izan eben, azkenik baserritarrez jantzita agertu jakun arte, eta badira ehun urte jantzi horiek jantzi zituala.
Ikurren eta festen munduko aberastasun hau gordetzera bultzatu gura zaituegu; era berean, gonbit eginnahi deutsegu oraindino eraldoiak edo buruhaundiak gordetzen dituenei ondo zaindu daiezan eta hlangorik ez daukienei konpartsak berregin edo sortu, Bizkaiko herririk gehienetan erraldoi eta buruhaundien dantzak ikusten jarraitu daigun.